12. Osasuna
1. Arloa kopurutan
2012. urtean zehar 97 erreklamazio izan dira Osasunaren arloan; beraz, Erakundeak izapidetutako kexa guztien %3,84 arlo honetakoak izan dira.
Honela sailkatu ditugu aztertutako kexak, gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta:
– Erabiltzaileen eskubideak.....45
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....19
– Itxaron zerrendak.....14
– Osasun laguntza.....12
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna.....5
– Osasun publikoa.....2
Ondoko taulan 2012ko ekitaldian kudeatutako kexen estatistikak ageri dira, ekitaldia itxi denean (abendua) eduki diren datuen arabera.
2. Kexarik aipagarrienak
Arlo honetan jaso ditugun kexa batzuek 2012. urtean osasuna babesteko eskubidearen inguruan egon diren legezko aldaketekin lotura zuzena izan dute. Adingabe atzerritar baten eskubidea onartzeko zailtasunari eta neurri berriek farmazia-zerbitzuaren hainbat alorretan izan duten eraginari buruzkoak izan dira.
2012ko maiatzaren 28ko Arartekoaren ebazpenean –horren bidez Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari gomendatzen zaio eskolatzeko asmoz aldi baterako egonaldian dagoen adingabe atzerritar bati osasun arreta onar diezaioten– adingabe atzerritar horrek osasun txartela eskuratzeari buruzko gure balorazioa jaso genuen.
Farmazia zerbitzuari dagokionez, bi arazo adierazi dizkigute, biak sendagaiak banatzeari buruzko neurri berriekin eta irizpide berrien arabera dagokion sendagaiarekiko intolerantzia dagoenean bestelako aukerarik ez izatearekin lotuak.
Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak osasun produktuen eta medikamentuen garantiei eta arrazoizko erabilerari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legeari emandako idazketa berriaren arabera, sendagaien banaketa prezioaren mende egoteaz gain generikoa izatearen mende ere badago.
Horren ondorioz, gerta liteke dagokion sendagaiarekiko intolerantzia arrazoiengatik medikuak gaixoari beste bat agindu badio hura finantzatzeko eskubiderik ez izatea, biek prezio bera izan arren.
Sendagaia banatzeko beste egoera batean, entzefalopatia mioklonikoa pairatzen duen pertsona baten gurasoek arazoa azaldu zuten Estatuko Osasun Sistemaren farmazia-prestaziotik kanpo geratzen diren sendagaien zerrenda eguneratzeko Estatuko Osasun eta Farmazia Sistemaren Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiaren 2012ko abuztuaren 2ko ebazpenak bere medikuak agindutako sendagaiaren finantziazioa kanpo uzten duelako.
Intolerantziari eta intolerantzia hori sortzen duen bestelako sendagairik ez dagoenari buruzko txosten xehatua ikusita, Osasun eta Kontsumo Sailari kasuaren banakako azterketa aurkeztu genion. Txosten hau itxi zeneko unean prozedura irekita zegoen.
2.1. Erabiltzaileen eskubideak
Kexa batzuek osasun zerbitzuak eskuratzeko koordinazio printzipioak duen garrantzia gogorarazten digute.
Bitiligo gaixotasuna ospitale jakin batean fototerapiaren bidez tratatzeko ukapenarekin loturiko espediente batean jakinarazi zitzaigunez, kexan adierazitakoari aurre eginez, bitiligoa duten gaitxoen tratamendu hori ez zen kanpo utzi zentroko fototerapia unitatearen uneko saturazioarengatik, dermatologia zerbitzuak patologia hori zuten gaixoen inguruan egindako sesio kliniko batengatik baizik.
Erantzun hori gaixoarekin kontrastatuta, berriz, horrek adierazi zigun, berak hala proposatuta, beste zentro bateko itxarote-zerrendan onartu zutela. Jarduera horrek Osakidetzak emandakoarekin bat egiten ez zuenez, gure esku-hartzea eten genuen fototerapia tratamendua benetan ematen zioten ikusi arte.
Paziente horrek tratamendua hasi zuela baieztatu ondoren, berriro ere Osakidetzara jo genuen horren berri emateko eta, tratamenduaren lehen eskaera ukatu zuen zentroko dermatologia zerbitzuaren irizpideak zalantzan jartzea ez dagokigun arren, osasun sistemaren informazio sistemak erabiltzaile horren asmoa birbideratzeko bide egokia eskaini ez zuela kontuan hartu beharra zegoela aipatu genion. Tratamendua behin eta berriro saiatu izanagatik eta ahalegin handia egin izanagatik lortu zuen eta halako kasuen azterketek erabiltzaileek sistema publikoan dauden zerbitzuen inguruko informazioa jasotzeko duten eskubidearen inguruko hutsuneak, aztertutakoaren modukoak, hobe bideratzen saiatzeko balio beharko lukete.
Gaixoen hainbat behar prestazio ortoprotesikoen katalogoan jasotako xedapenekin lotzeko sortzen diren zailtasunak aztertu ahal izan ditugu.
Atal honetako zenbait kexen azterketak ez zuen zalantzarik uzten ukatzeko arrazoiek legezkotasunaren inguruan (adibidez, Osasun sistema nazionaleko zerbitzu erkideen zerrenda eta horren eguneratze-prozedura ezartzeko irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren 6. eranskineko 7. atalean karbonoarekin egindako elementuak kanpo uzteko xedatutako agindua). Hala eta guztiz ere, hainbat produktu eskuratzeko aukera ireki beharko litzatekeela uste dugu, beharra duen pertsonaren baldintzak oinarri izanik horien beharra eta abantaila justifika daitezkeenean.
Zentzu horretan, produktu berrienen eskutik etor litezkeen abantaila logikoez gain (adibidez, arestian aipatutako karbonozko protesiak), horien kostea gaineratuta dauden produktuak berritzeko aurreikusitakoarekin konpentsatuta gera liteke erabilera luzeagoa izango luketelako. Ikuspuntu horretatik, osasun administrazioari proposatu genion kanpo uztearen arau orokorra salbuespenak onartzearekin bateraezina izan ez zedila salbuespen hori zein egoeratan onar daitekeen modu objektiboan har daitekeenean. Osasun eta Kontsumo Sailak asmo hori gaineratzearen aldeko iritzia helarazi zigun zegokion Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluaren aurrean.
Berriro ere kexak jaso ditugu beste prestazio ortoprotesikoen inguruan, gurpil-aulki motordunen erabilerarako eskatutako gaitasuna egiaztatzeari dagokionez eskatzaileek aurkeztutako txostenak baloratu ez direlako. Eskainitako txostenen balorazio bat eskatu genuen arren, osasun administrazioak, gaitasunari buruzko antzeko beste espedienteetan bezalaxe, ez zuen kontuan hartzeko arrazoirik ikusi eta haren txostenetan oinarritutako dagoeneko hartutako erabakia mantendu zuen.
Eskatzaileek aurkeztutako txosten medikoak kontuan hartu ez izanari dagokionez antzeko egoeran daude inkontinentzia pairatzen duten pertsonek behar dituzten pixoihal kopuruaren inguruan kexa batzuek aurkeztu dizkiguten arazoak.
Egoera horietan banakako beharrak aztertzeko aukera bideratu behar da, pixoihal kopurua ez baita produktu honen arauzko konfigurazioak ezarritako muga.
Zerbitzu-zorroko hainbat prestaziok horiek eskuratu ezin dituzten pertsonen zailtasunak kontuan hartzen dituzte. Hala ere, uneko xedapenak ez dira nahikoak.
Ezgaitasunen bat duen pertsona baten gurasoek kexa bat aurkeztu zuten ebakuntza odontologiko baterako laguntza ukatu zietelako. Bertan, osasun arloen arteko tratu ezberdina egon zela adierazi zuten. Kexa hori oinarritzat hartuta, Osasun eta Kontsumo Sailera jo dugu egoera hau argitzeko eta adimen urrituentzako kalitateko hortz-arreta berrantolatzeari buruzko txostena garatzeko xedapenak ezagutzeko.
Laguntza bidezko ugalketa-tratamenduak (LUT) eskuratzeari buruzko kexa berriak jaso ditugu. Horien artean, ezarpenaren aurreko diagnosi genetikoa (DGP) duten tratamenduen finantziazioa handitzeko (une honetan hiru saiakeratan ezarrita dago) hainbat eskaera azpimarratu behar ditugu.
Kasu horiek bereziak dira, izan ere, ez da gauza bera gaixotasun genetikorik gabeko ondorengoak bilatzea edo modu naturalean ondorengorik izan ezin duen emakume batean ondorengo biologikoak bilatzea.
Aurrekoari jarraiki, kexa hau izapidetzera eraman gintuen beste arlo bat DGPa baimentzeko prozedurarekin lotuta dago, izan ere, ez dirudi uneko prozedurak Osasun eta Kontsumo Sailak ondorengo saiakera batean arrakasta izateko tratamendurik egokiena zein izan zitekeen baloratzeko eta helarazteko bidea bultzatzen duenik.
Oinarri hori kontuan hartuta, laugarren saiakera bat burutzeko aukera proposatu genuen, baita transferentziaren unera haurdun geratzeko probabilitate gehiagorekin heltzeko aukera eskaintzen duen enbrioi kopurua lortzeko prozedura ere. Aipatutako kasuan, tratamendu bakar batean egon zen enbrioiak transferitzeko aukera.
Proposamen horri emandako erantzunean, Osasun eta Kontsumo sailak helarazi zigun Osakidetzako lagundutako giza ernalkuntzako (LGE) Batzorde Aholkulariak protokoloa eta deribazio zirkuituak berrikusteko asmoa zuela kasuen izaeraren eta baldintzen arabera eraginkorrena denera egokitzeko. Ez zuten arrazoi nahikorik antzeman DGP saiakera berri bat egiteko.
LUT horien inguruan bikote batek kexa bat aurkeztu zuen, tratamenduaren fase baterako 10 hilabetez itxaron ondoren, emakumeak adinaren baldintza betetzen ez zuela jakinarazi ziotelako.
Sarbiderako irizpideen inguruko alderdiak aipatzeaz gain, hasiera batetik adinaren baldintza eta itxarote-zerrendaren aurreikuspenen arabera hura betetzeko zailtasuna helarazi behar izan zizkietela adierazi zuen.
Une horretan itxaroteko aurreikuspen jakin batean oinarrituta, baldintza bat beteko ez zela aurreratu izango zukeen Osakidetzaren erabakia ez litzateke egokia izango baztertzea eragin izan balu. Hala ere, funtsezko inguruabarra denez, prestazio hori jaso nahi duten pertsonei jakinarazi behar zaie zein den aurreikusitako itxaronaldia, batez ere, baldintza baten betetzean eragina izan dezakeenean.
Hain zuzen ere sarbide-baldintzak hizpide zituzten beste kexa batzuetan erabiltzaileei horren berri eman zaiela ikusi dugun arren, kasu honek prozesuak berrikusteko eta luzez itxaron izan ondoren frustrazioak saihesten saiatzeko balio izan zuen.
Eskubideen inguruko atal honetan haurrak norbaitekin batera joateko duten eskubideari buruzko kexa bat jaso genuen. Ararteko erakundera jo zuten ZIUn ospitaleratuta zegoen semearekin batera gaua igarotzeko gurasoek zituzten zailtasunak azaltze aldera.
Gertakariak jazo zirenean (ingresatuta egon zen bitartean ZIUn egon zenean) bideratu genuen esku-hartzeari dagokionez, iruditu zitzaigun, beste gurasoek aldi berean egindako eskaerei erantzuna eman ezin izango zietela aurreikusita, zentroko arduradunek uste izan zutela eskaera bati erantzuna ematea lehentasunezko tratua ematea izango zela ZIUn egoteko barneko arauak errespetatu zituztenekiko. Ez genuen antzeman, beraz, ospitaleak adingabearekin batera egoteko eskubidea berez eztabaidatu zuenik.
Haurrekin batera egoteari buruzko eskubideak ospitalearentzat oharkabeak direla ikus daiteke, besteak beste, bisiten hasierako mugaketa handitu dutela antzematean (lehen ordu erdikoa eta orain 9.00etatik 21.00etara, salbuespenezko egoeretan luzatzeko aukerarekin).
Adingabeekin egoteari buruzko beste espedienteak zirela-eta, antolamenduan onartutako haurren eskubideak burutu ahal izateko eremuak egokitu behar direla egiaztatu dugu.
Kasu honetan jazotako egoera zela-eta –pertsona batzuen nahia bideratu ahal izateko beste batzuek (gutxienez ez askok) ez zuten halakorik eskatu beharko–, arau malguagoak aplikatzea egokia zela ikusi genuen, eskaera kopuru handia jasotzeko aukera hutsak haurrekin egoteko nahi hori helarazten duten gurasoen eskaera aldez aurretik eragotzi ez dezan.
Osakidetzari helarazitako gogoeta da, pertsona horien nahia legezkoa dela oinarritzat hartuta.
2.2. Osasun laguntza
Osasun laguntzari buruzko atal honetan ohikoa izaten da Osakidetzaren jarduera zabar bati buruzko iritziak helaraztea.
Printzipioz, kontu tekniko medikoak direnez, ezin ditugu pertsona horiek salatzen dituzten medikuen prozesuak baloratu. Halakoetan, gure muga helarazteaz gain, bide batez, praktika oker baten eta hasiera bateko diagnosia eta ondoren zuzena dena ezberdinak izatearen arteko aldea azaltzen dugu eta, nolanahi ere, erabil dezaketen ondare erantzukizuneko bidearen berri ematen diegu.
Baina beti ez dugu herritarra bultzatu behar ondare erantzukizuneko prozedura luzea hastera, bertan praktika okerra egon zen edo ez besterik ez baita argituko. Informazio osatuago batek erreklamazio batek azaltzen duen desadostasuna birbideratuko duela aurreratu ezin dezakegun arren, kexa batzuek euren laguntza prozesuari buruzko informazio nahikorik ez duten pertsonak aurkezten dizkigute.
Osakidetzari ikuspuntu hori helarazi diogu erreklamatzaile batek informazio nahikorik ez duela antzeman izan dugunean.
Zentro pribatu batean diagnosi-proba baten kostearen gastuak itzultzea ukatu izanagatiko kexa baten ondorioz, hizpide zuen laguntza-prozesuaren hainbat alderdi formal aztertu genituen. Helarazi ziotenaren arabera itxaron behar izango zuen denborak lotura zuzena izan zuen itzultzeko eskaeraren justifikazioarekin.
Azterketa horren bidez ondorioztatu dugu agindu zioten diagnosi-probarako sistema publikoan aurreikusita zegoen itxarote-denborak pertsona horrek zentro pribatu batera jotzeko hartutako erabakia justifikatu zuela. Probaren aginduak larria zela jasotzen zuen eta medikuntza pribatura jo aurretik kontuan hartu ez zen aurrerapena eskatu zuen.
Gure balorazioa medikuntza pribatua erabiltzeagatiko gastuak itzultzea ukatzeari buruzko kexa-espedientea bukatutzat eman duen 2012ko uztailaren 12ko Arartekoaren ebazpenean jasota geratu da.
2.3. Itxaron zerrendak
Aurreko urteetan bezalaxe, ohiko itxarote-denbora gainditu duten kexak oinarritutzat jo ditugu.
Kexa askoren elementu komuna esku-hartzeko aurreikuspena izan zitekeenaren inguruko informazio falta zela antzeman dugu, zegokien arreta zerbitzura jo izan arren.
Kexaren arlo hori, informazioari dagokiona, garrantzitsua iruditzen zaigu. Zentzu horretan, benetako data aurrerapenarekin jakinarazteko zailtasunari informaziorik eza gehitu behar zaio. Beraz, ebakuntzaren zain dagoen pertsonaren ziurgabetasuna murrizteko aukera emango lukeen informazio maila beharrezkoa litzateke.
Azkenik, itxarote-zerrendaren atal honen barruan zenbatutako kexen zati bat osasun laguntzaren atalean jaso zitezkeela esan dezakegu, itxarondako denborarengatik jaso genituen batzuk larrialdi-gertaerekin batera jazotako patologia mingarriak pairatzen zituzten gaixoenak baitziren.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Ekitaldi honetan erantzukizun-espedienteak ebaztean atzerapenak egon izanagatik kexa berriak jaso ditugunez, aipatu beharra ditugu, kexa horiek azaltzen zuten izapidetze-denbora gehiegizkoa zelako. Hala azaltzen da 2012ko azaroaren 7ko Arartekoaren ebazpenean. Horren bidez, Osakidetzari gomendatzen zaio ondare erantzukizuneko espediente bat espresuki ebazteko neurriak har ditzan.
Kexa batzuek azaldu dute zaila dela agindutako diagnosi-proba prest izatea hura agindu zuen espezialistarekin ondoren izandako kontsulta baterako. Pertsona horiek, gainera, daten egokitzapena kudeatzeko koordinazio arazoa azaltzen zuten.
Horregatik, berriro ere aurreko txostenetan egindako gogoeta jaso behar dugu, zerbitzu edo funtzio ezberdinak diren arren –proba agintzen duen medikua eta probak kudeatzen dituen zerbitzua– biek laguntza prozedura berean parte hartzen baitute.
Ezinbestekoa da osasun antolakuntzak berak medikuaren agindua probak egiteko datak libre egotearekin bateratzeko dauden zalantzak argitzea edo oztopoak kentzea. Horrelako egoeretan, ikusten dugu gaixoari ematen zaizkiola hitzorduak edo probak eskatzearen izapidetze soiletik harago doazen erantzukizunak.
Tratamendu bat jasotzeke duen gaixo baten kexa jaso beharko genukeen informazioa jasotzen ez dugunean bizi ditzakegun egoeren isla izan daiteke.
Itxaronaldia 2011n hasi zen, sendagairen bat merkaturatu arteko denbora gehiegizkotzat jotzen denean, sendagai hori eskuratzeko berariazko programa baten bornean, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak onartutakoa.
Gaixoak erreklamazio bat aurkeztu zuen 2012ko urrian, hautatu zuten arren, itxaroten jarraitzen zuelako.
Osakidetzak jakinarazi zigun sendagaia 2011ko abenduan merkaturatu zela, beraz, berariazko programa hark eskuratzeko bidea izateari utzi zion.
2012ko ekainaz geroztik tratamendua (terapia hirukoitza hepatitis C kronikoan) eskuratzeko prozedura Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzak bere erabilerarako aurtengo ekainaren 8an emandako jarraibideetan xedatutakoa da.
2012ko urrian, zentroan erreklamazioa aurkeztu zuenean, gaixoak oraindik ez zekien zein izan zen atzerapenaren arrazoia.
3. Araudi-testuingurua
Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua onartzeak aldaketa eragin du osasun laguntza publikorako eskubidearen oinarrizko alderdietan, besteak beste, aseguratuaren izaera berria, hainbat talde kanpo uzten dituena, eta pertsona onuradunek prestazioen finantziazioan parte hartu behar izana.
Autonomiako ondorengo araudia, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua, aseguratu izateko eta finantziazioan parte hartzeko baldintzak bere esparruan egokitzeko onartutakoa, kautelaz eten egin da estatuak jarritako eskumenen gatazka positiboaren ondorio gisa, laguntza publikoa eskuratzeko eskubidearen esparru subjektiboa aplikatzeari buruzko 2012ko abenduaren 13ko Auzitegi Konstituzionalaren Autoak etenetik salbuetsitako artikuluetan izan ezik.
Testuinguru horretan, oraingoz garbi geratzen da gure autonomia erkidegoan 16/2012 Errege Lege Dekretu horren babesean aseguratuak edo osasun publikoaren onuradunak ez diren taldeak osasunera modu arruntean heltzeko bidea.
Legezko testuinguru berri honetan osasun sistema nazionalaren zerbitzuen zorroaren inguruan xedatutako egokitzapena, prestazio ortoprotesikoari dagokionez dagoeneko onartu dena, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoaren zorro erkide osagarria arautzen duen eta prestazio ortoprotesikoan finantziaziorako gehieneko zenbatekoak ezartzeko oinarriak ezartzen dituen azaroaren 2ko 1506/2012 Errege Dekretuaren bidez.
4. Jarduera-plana
Gure jardueraren zati handi bat banakako kexekin lotuta dago. Kexa horietatik abiatuta, Ararteko erakundearen jarduera planak aurreikusi egiten du espedienteak ofizioz hastea, kexa horiek gizabanakoen egoeretatik harago joan daitezkeen arazoak erakusten dizkigutenean.
4.1. Ofiziozko jarduerak
Hainbat bideren bitartez Gurutzetako Ospitaleko Larrialdi zerbitzura jotzen zuten pertsonek aurkitu zuten arazoaren berri eman ziguten. Egoerak zerbitzu horren asetasun egoerarekin zerikusia zeukan, izan ere, boxak ospitalean sartzeko zain zeuden pertsonekin okupatuta egonda, gaixo asko korridoreetan artatu behar izan zituzten.
Gure balorazioa 2012ko apirilaren 4ko Arartekoaren ebazpenean jasotzen da. Horren bidez Gurutzetako Ospitaleko larrialdi zerbitzuko osasun arreta dela-eta irekitako espedientea amaitzen da.
Bigarren espediente bati hasiera eman zitzaion istripua izan zuten pertsonen familiei gertakaria helarazten zitzaiela bermatzeko mekanismoak garatu ote ziren jakiteko. Jaso ditugun datuak aztertzeak gomendio orokorren atalean aipatzen dugun baloraziora eraman gaitu, esku hartzen duten administrazioak koordina daitezen istripuren bat izan duten biktimen familiek informazioa albait lasterren jasotzeko helburuarekin.
2011n laguntza bidezko ugalketa teknikei buruzko azterlana aurkeztu zen, prestazio horren gaur egungo egoera ezagutzeko asmoz, bai eta hobetzeko aukerak ere. Ikerketa Osasun eta Kontsumo Sailak aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarraren aurrean.
Bideratu dugun jarraipenari esker, urteko txosten hau burutzeko unean Osasuneko Sistema Nazionalaren zerbitzu zorroaren berrikuspena onartzeke dagoela jakin izan dugu; prestazio horri dagokionez, Lagundutako Giza Ernalkuntzako Aditu Taldearen Txostenaren zain dago. Egoera hau kontuan hartu izan da Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetzaren jarraipenerako batzordetik burutu diren jardueretako batzuetan, laguntza bidezko ugalketa teknikoen inguruan Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztu zuen azterlanaren jarduera-ildo nagusietan, besteak beste, teknika ezberdinetara heltzeko irizpide eta baldintzetan.
Osakidetzako uneko zerbitzu zorroari dagokionez, 2012an Donostiako Ospitalean teknika berriak (in vitro ernalketa FIV) gaineratzeko aurreikuspena gauzatu da.
Donostiako Ospitalean FIV jarduera berri horrekin hasteak itxarote-zerrenda berrantolatzeko aukera eskaini du, ordura arte Gurutzetako Ospitalean gauzatzen baitzen. Era berean azken ospitale horretan obozitoak kriokontserbatzeko teknika abian jarri dela azpimarratu behar da, medikuaren agindu hertsia dagoenean bideratzen dena.
Arabako Txagorritxu Unibertsitate Ospitaleari dagokionez, jarduera horri esleitutako langile-kopurua handitu da, bai ginekologian bai laborategian.
4.2. Gomendio orokorrak
Aurreko txostenetan jaso dugunez, antzeman ditugun zenbait egoeren arabera ondorioztatu dugu auto antolaketarako ahalmenaren eta erabiltzaileen eskubideen arteko jokoa –hala nola, familia-medikua edo espezialista aldatzerakoan– malguagoa izan beharko litzatekeela.
Egokia iruditu zaigu zerbitzu espezializatuen aukeraketaren alderdi zehatzean arreta jartzea. Horrela bada, Euskal Osasun Sistema/Osakidetzaren esparruan zerbitzu espezializatua eta ospitalea aukeratzeko urriaren 30eko Arartekoaren 1/2012 Gomendio Orokorrean gure ulertzeko modua jasotzen da eta Osakidetzan ospitalea eta zerbitzu espezializatua aukeratzeko eskaerak malgutasunez balora daitezen.
Iaz aipatu genuenez, egokia litzateke istripu bat pairatu duen pertsona artatzen duten ospitale zentroek familiak egoeraren berri izan duen edo ez kontuan hartzea eta dagokien moduan jardutea. Egin dugun azterketa, Herrizaingo eta Osasuneko arloei dagokiena, abenduaren 17ko 3/2012 Arartekoaren Gomendio Orokorrean jasota dago. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Osakidetzak eta Udaltzaingoek koordinazio mekanismoak ezarri behar dituzte istripuetako biktimen familiei informazioa ahalik eta lasterren eman dakien bermatzeko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa